Eusko Jaurlaritzak aldi baterako eten du Euskadiko ikastetxe guztietako eskola-jarduera presentziala

 

COVID-19 koronabirusak EAEko lurralde osoan izan duen aurrerapenaren aurrean eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien eskola-jarduera presentziala aldi baterako eteteko erabakia hartu du. Honen berri emateko zirkularra bidali du.

Jarraian, jaso berri dugun informazio ofizialaren laburpena eskaintzen dizuegu:

. Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztien eskola-jarduera presentziala aldi baterako etetea erabaki da. Etendura horrek 15 eguneko iraupena izango du, bihartik, martxoaren 13tik, ostirala, aurrera.

. Ondorioz, bertan behera geratzen da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru lurralde historikoetako ikastetxeetan aurrez aurreko eskola-jarduera oro, baita Haurreskolen Partzuergoaren mendeko ikastetxeetan ere.

. Eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia ez da eskola-jardueraren etenalditzat hartu behar; aitzitik, ahalegina egin behar dugu ikasleek egunero etxean ikasteko ohitura eta ohiturak izan ditzaten. Horregatik, zentroetako langileak beren ohiko ordutegian egotea erabaki da.

. Aldi horretan, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Horretarako, Sailak alderdi horiek argitzeko instrukzioa emango du.

. Horrez gain, Osasun Sailak gomendatzen du ikasleek etxeko bizitza normala egin badezakete ere, ahal den neurrian saihestu dezatela taldeko jarduerak egiten diren esparru itxietan egotea. Era berean, osasun-agintarien gomendioak betetzeko eskatzen dizuegu, hartutako neurriek izurritea kontrolatzen lagunduko dutelakoan.

. Ikastetxeek zabalik izango dituzte familiekiko ohiko komunikazio-bideak, horri buruzko informazio eguneratu guztia helarazteko.

Informazio eguneratua eta jarraibide operatibo gehigarriak izateko, sailaren webgunearen barruan espazio bat gaitu da, gomendioak eta mezu berriak aldizka helarazteko.

https://www.euskadi.eus/koronabirusari-buruzko-informazioa/web01-s2hhome/eu/

Bestalde, jakinarazten dizuegu laster jarduera akademikoari eusteko jarraibideak jasoko dituzuela prestatu ditugun kanal informatikoen bidez.